2008/02/01

Carandiru

Filme brasildar hau 2003 urtean Hector Babenco zuzendariak zuzendu zuen, Lucio Flavio edo El beso de la mujer araña bezalako filmeei esker ezaguna dena.

Istorioa Drauzio Varella idazlearen Estaçao Carandiru liburuan dago oinarrituta. Neurri batean benetan gertaturiko istorioa kontatzen du, zenbait fikziozko osagaiekin batera.

Filmeak Sáo Pauloko Carandiru atxiloketa etxearen historia azaltzen digu, era izugarrian kontatuta. Egitura nahiko berezia du; izan ere, pelikulak 26 aktore nagusi, 120 sekundario eta 800 extra inguru ditu. Pentsatu dezakezuen moduan, istorio nagusiaren barnean beste zenbait erakusten dizkigu filme honek.

Pelikula bi presoren arteko liskar batekin hasten da, gartzelara mediku berria heltzen den egunean. Lehen minutu hauetan gartzelaren aurkezpen bikaina ikus dezakegu: presoz zeharo beteta dauden ziegak, presoen arteko antolamendua eta nolabaiteko arauak, arazoei aurre egiteko era, eta presondegiko nolabaiteko hierarkia. Gainera, kontatzen diren istorio guztiak lotuko dituen pertsonaiaren agerpenarekin lasaitzen da egoera, mediku berriarekin.

Istorio nagusia honakoa da: mediku batek lortzea ia ezinezkoa den lan bati ekingo dio: guztiz masifikatuta dagoen brasilgo espetxe batean IHESaren epidemiari eusten saiatuko da. Egoera latza da: 4000 presotako edukiera duen atxiloketa etxean 7000 presotik gora daude pilatuta; ez dago apenas inolako baldintza higienikorik; presoen arteko erlazio sexualak egunero ematen dira, ia beti inolako neurririk hartu gabe; droga kontsumoa sekulakoa da, erreta edo ziztatuta.
Mediku honen lana, presoak kontzientziatu eta IHESa ez zabaltzeko neurriak bultzatzea izango da.

Sáo Pauloko espetxe masifikatuan IHESaren aurka lan egin artean, erlazio berezia sortuko da medikuaren eta presoen artean. Hala, presoek euren istorioak kontatuko dizkiote medikuari, zalantzak galdetu, kezkak azaldu etab.
Filmean flashback modukoak egingo dira presoen istorioak azaltzeko. Hala, pertsonaia berri ugari joango dira azaltzen.
Istorio hauekin Brasilgo egoera soziala aurkeztuko zaigu, eta bertan bizitzearen errealitatea: pobrezia, indarkeria, azpiegitura falta, delinkuentzia... Istorioak fizkioa izan arren, Brasil barnetik ezagutzen laguntzen digu ikuslegoari.
Pelikulak erritmo lasai xamarra du honen eraginez, ekintzak beharrean gertaera desberdinen deskribapenak ikusten baititugu. Hala ere, ez du desorganizazio edo koherentzia faltaren inpresiorik eragiten, oso ondo daude lotuta euren artean istorio desberdinek.
Filmearen bukaerarako aldaketa bat gertatzen da kontakizunean. Kanpoko gertaeren kontakizunak amaitzen dira eta espetxe barneko ekintzak azaltzen zaizkigu. Nolabait errealitatera edo gaur egunera itzultzen gera. Hala, itxuraz garrantzia handirik ez duen gertaera bati heltzen dio narrazioak amaiera ikaragarri batera eramateko: 1992ko Urriaren 2ko Carandiruko masakrea. Egun honetan motin bat eman zen espetxe honetan, presoek baldintza hobeak eskatzen baitzituzten. Polizia militarra indarrean sartu zen espetxera, eta presoak tirokatzen hasi zen: ofizialki 111 hildako egon ziren. Beste iturri batzuek 600dik gora izan zirela diote, guztiak presoak. 68 polizia sartu ziren espetxera, bat bera ere ez zen zauritua izan.

Hala, istorioak bilakaera bat edukitzeaz gain, fikziozko kontakizun batetik gertaera historiko batetara eramaten gaitu filmeak. Amaiera dokumental modukoa du gainera, bizirik irten diren presoak kamerari hizketan azaltzen baitira, ikusitakoa kontatzen.

Teknikoki paregabea da Carandiru filmea: argi eta itzalen gaineko erabateko kontrola nabari da. Pertsonaien izaera bikoitza indartzen da horrela: alde batetik hiltzaileak, lapurrak eta gaizkileak dira; baina bestetik, beren gizatasuna dute, beren arazoak eta beren arrazoiak hala izateko. Horregatik etengabe ikusten ditugu pertsonaiak argi-itzaletan.
Kolorea ere oso berezia da filme guztian. Argiztapen hori-berdexka bat du. Gartzelaren garbitasun falta, egoera desatsegina, itomena transmititzen du primeran. Amaiera-amaieran, benetako istorioa azaltzerakoan argia desberdina da, halere, urdin tonuak hartzen baititu. Honek errealitate ilusio bat sortzen du, albistegi bateko irudiak ikusten ariko bagina bezala.

Enkoadreak ere oso zainduak daude, konposizio bikaina ikusten da pelikula guztian zehar. Lerro zuzenak ikusten dira etengabe, bertikal eta horizontalak. Etengabe barrote eta hesiak ikusten dira, edo hauek itzalak. Hesirik gabeko espazio bakarrak medikua dagoen eritegia eta espetxearen patioa dira. Presoak nolabait lasai edo itolarririk gabe sentitzen diren toki bakarrak. Erreferentzia eta sinbolo ugari ikusten dira etengabe gainera. Esan bezala, teknikoki paregabea da Carandiru filmea.

Erraza da Ciudad de Dios pelikularekin alderatzea, Brasilgo errealitate gordina era ia atseginean kontatzen baitu honek ere. Tematika soziala duen zinema gustuko baduzue edota alde teknikoa baloratzen baduzuen, biziki gomendatzen dudan pelikula da Carandiru.

2007/12/03

Hijos de los hombres

Zuzendaria: Alfonso Cuarón mexikarra. “Paris je t’aime”, “Y tu mamá también” bezalako pelikulak zuzendu ditu, eta produktore moduan, “El laberinto del Fauno” filmean egin du lan, beste batzuren artean.

P.D. James idazlearen liburu batean dago oinarrituta “Hijos de los Hombres”. Hasieratik kokatzen gaitu testuinguruan filmeak, albistegi baten ahotsarekin: munduan gerra eta terrorismoak gora egin du, eta Ingalaterrak bere mugak ixtea erabaki du, etorkin ilegalak deportatuz. Estatu polizial gogor bat aurkezten zaigu, hortaz. Hurrengo albisteak nahiko galduta uzten gaitu hasieran. Diego Ricardo izeneko mutil baten heriotzari buruz hitz egiten du, “munduko pertsonarik gazteena” bezala deskribatzen duena, 18 urte zituela aipatzen duen arren. Hala ere, ondoren ematen da honen azalpena: 2027. urtea da. Inork ez daki arrazoia, baina 18 urte atzerago, 2007an, planetako emakume guztiak antzu geratu ziren, haurdun geratzeko gaitasunik gabe. Hala, 2027an ez dago haurrik, ez da inor jaio azken 18 urteetan.

Gizarte dekadente eta kaotiko bat aurkezten zaigu. Izan ere, gizadiak ez du esperantzarik. Giro zikina, desordenatua, utzia ikusten dugu. Izan ere, zertarako gauzak zaindu, hemendik 100 urtetara inor geratuko ez bada? Kaleak zikin eta zaborrez beteta daude, jende asko sekta eta erlijio katastrofistetan sartuta dabil, askok jarrera biolento bat hartu dute, atentatuak eta erasoak gertatzen dira... Heriotza eta desagerpena horren bistakoa da, Ingalaterrako gobernuak berak antidepresiboak eta suizidiorako pastillak banatzen dituela nahi dituenarentzat.

Testuinguru honetan Theo protagonista ezagutzen degu, Clive Owen aktoreak antzeztua (El rey Arturo, Closer, Sin City...). Lehen aktibista ezkertiarra izan arren, egun ministeritzan lan egiten duena. Hasieran pertsonaia pasiboa da, egoera onartu duena eta esperantzarik eduki nahi ez duena, eta gobernuarekiko nahiko zinikoa aldi berean. Hala ere, ondoren nolabaiteko heroi papera hartuko du filmean, gogoz kontra bada ere. Izan ere, bat-batean Julian-ekin egingo du topo, bere bikote izandako emakumea, gobernuak terroristatzat jotzen duen talde aktibista bateko burua, Julianne Moore aktoresak antzeztua (La mano que mece la cuna, El fugitivo, El gran Lebowsky, Hannibal...). Honek mesede bat eskatuko dio: Kee, 19 urteko neska bat, etorkin ilegala, kostalderaino eramatea ezkutuan. Theok arrazoia jakin gabe onartuko du, baina beranduago Keek bere sekretua erakutsiko dio: haurdun dago. 18 urtetan mundu osoan lehen aldiz jaioko den umea dauka bere barnean. Ingalaterrako gobernuak ez du onartuko gizadiaren esperantza etorkin ilegal baten haurra izango denik, ezkutuan handik kanpora eramango duen barku batetaraino heldu beharko du, beraz.

Aipatu beharra dago istorioan garrantzia duen pertsonaia berezi bat, Jasper. Michael Caine aktoreak antzezten du (Evasión o victoria, Educando a Rita, Las normas de la casa de la sidra, El americano impasible...). Protagonistaren aspaldiko laguna da, guztiz aparte bizi den hippy zahar bat, marihuana landatu eta saltzeaz aparte, marrazkilari satirikoa zena zenbait egunkaritan. Bitxikeria moduan, bere etxeko paretetan ikusten diren karikaturak benetakoak dira, Steve Bell marrazkilariak “The Guardian” egunkariak argitaratutakoak. Filmeari umore puntua ematen dion pertsonaia da, aldi berean galdera ugari planteatzen dituena momentuko egoerari eta gobernuen jokaerari buruz. Berarentzat bakarrik pelikula oso bat mereziko lukeen pertsonaia da, hitzik egiten ez duen eta gurpildun aulkian dagoen emaztearekin bizi dena. Bere etxeko pareta eta apaletan fijatzen bagara, bere emaztea fotokazetaria zela ikus daiteke, eta manifestazio baten ostean poliziaren eskuetan jasandako torturengatik geratu dela horrela.

Hasiera batean, istorioak “12 monos” edota “V de Vendetta” bezalako pelikulak ekar ditzake gogora, eta ondorioz George Orwellen 1984 liburua. Komikizaleak bazarete, badu antza handia baita ere “Y, el último hombre” lanarekin, non protagonista, birus berezi baten ostean biziraun ondoren, munduko gizonezko bakarra den.
Baina filme hau era guztiz desberdinean kontatzen zaigu. Alfonso Cuarón zuzendariak eta Emmanuel Lubezki argazki zuzendariak giro eta testuinguru berezia aurkezten digute.
Ikusten dugun etorkizuna oso hurbila da (hemendik 20 urtetara besterik ez), irudi eta elementu guztiek ezagunak behar dute izan hortaz. Ikusten ditugun autoak, pertsonaien arropa, eraikinak, bizitzeko era eta abar ez zaizkigu arrotzak egiten. Detaileak eta elementu batzuk aldatu dira, baina orokorrean gaur egungoen oso antzerakoak dira. Filmean ukitzen diren gaiak ere gaur egungoen ondorio bezala ikusten ditugu: emigrazio masiboa, estatu polizial eta gogorra, xenofobia, terrorismoa, kutsadura, aldaketa metereologikoak... Gainera ez daude batere exageratuak, ikusi bitartean ez zaizu ezinezkoa iruditzen hemendik 20 urtetara halako egoera bat ematea.
Gainera, egiazkotasun hau indartzeko, ez dugu ikusten zientzia-fikziozko filmetan askotan erakutsi den irudi garbi, aseptiko, futurista eta geometrikoa. Ikusten dugun etorkizuna gaur egungoaren oso antzerakoa da, inolako apaingarri berezirik gabe, baina zikinagoa, utziagoa, dekadenteagoa. Filme hasierako eztandak argi erakusten du hau, zuzendariaren hitzekin: “Nik ez nuen ikusgarritasuna bilatzen, egiazkotasuna baizik. Hasierako eztanda bera da adibide garbia. Benetako eztandak ez dira Hollywoodeko filmetakoak bezalakoak, sekulako suzko bola koloretsu eta ikusgarriekin. Benetako eztandak surik gabeak dira, zikinak, hauts eta harri puskataz beteak”.

Honetaz gain, filme guztian zehar oso ezagunak egiten zaizkigun sinbolo eta ikonoak ikus ditzakegu. Zuzendariak ia bi urte igaro zituen azken hamarkadetako irudiak ikusten. Albistegietakoak, egunkarietakoak, argazkiak etab. Hala, sekulako erreferentzia piloa topatzen ditugu pelikula osoan. Diego Ricardoren omenez kalean utzitako lore eta kandelek Lady Di-ren heriotza ekartzen digute gogora; Londresetik kanpoko zelaietan hildako animali mordoak ikusten ditugu erreta, oraindik ke pixkat dariela, behi eroekin egin zen bezala; biolentzia eszena ugarik Kosovo edota Ipar Irlandako gertaerak ekartzen dizkigute gogora segituan; etorkinekin errefuxiatu-eremura heltzerakoan, Abu Ghraib-eko presoen argazkietako irudi berberak ikusten ditugu... Momentu batean, Pink Floyd-en “Animals” diskoko portadan azaltzen den irudi bera ere ikus dezakegu leiho batetik zehar.
Irudia oso landuta dago beraz, eta sinbolismo handia du (Picassoren “Gernika” ere azaltzen zaigu, eta baita Miguel Angel-en “David” eskultura ere, hanka ortopediko batekin). Atmosfera oso berezian sartzen ditu ikusleak Cuarónek, eta errealismo oso handia transmititzen du pelikula hasieratik amaierara arte.

Teknikoki ere maisulana da “Hijos de los hombres”. Errealismo sentsazioa areagotzeko, Cuarónek toma oso luzeak errodatu ditu pelikula honetarako. Korte gutxi daudenez, denboran ez da salto handirik ematen, eta oso errealista da ikuslearentzat. Ikusgarria da filme amaierako eszena bat, non protagonista tiro artean ikusten dugun korrika, eraikin batean sartzen Kee-ren bila eta ondoren soldadu artean bertatik irteten. Guztia plano-sekuentzian dago errodatuta, dena jarraian eta korterik gabe, eta izugarria da zenbat irauten duen. Sekulako maisulana litzateke soilik sekuentzia hori. Baina gainera, halako gehiago eskaintzen dizkigu Cuarónek pelikula honetan. Bada beste eszena bat 5 pertsona auto baten barruan doazena, plano-sekuentzian errodatua baita ere. Kamarak mugimendu ugari egiten ditu auto barruan pertsonaiak era desberdinean enfokatzeko, eta inolako korterik gabe. Honetarako, zuzendariak eta ekipoak asmakizun berri bat eraiki zuten, kamara 360º mugitu ahal izateko autoan aktoreei trabarik egin gabe eta halako leku txikia guztiz aprobetxatuz.
Hau dena gutxi balitz, toma gehienak kamera eskuan edukita edo steady-cam batekin eginda daude. Honek izaera ia dokumentala ematen dio pelikulari, hain da handia errealismoa non albistegi bat ikusten ari zarela dirudien. Ikuslea horren gertu sentitzen da pertsonaia eta gertakarietatik, filme barruan dagoela dirudiela. Sekulako maisulana.

Azken aldian ikusitako pelikulen artean onena da “Hijos de los hombres”, dudarik gabe. Gidoi aldetik oso ona, giroketa lana bikaina, eta alde teknikoa ikusgarria. Ikusteko oso atsegina da gainera, eta motza egiten da. Ikusteak pena merezi du, aukera baduzue ez pentsatu bitan. Eta behin baino gehiagotan ikusi arren, beti topatzen dituzu detaile berriak. Esandakoa, maisulana.

2007/07/09

Uda hasiera

Ufff...! Zenbat denbora hemen ezer idatzi gabe! Egia esan oso abandonatuta daukat bloga. Dakizuen moduan argazkilaritzarako afizio haundia hartu det, eta azken hilabeteotan kasu handia egin diot nere Flickr-ari, honako blog hau alde batera utzita. Baina zeozer idazteko garaia badela iruditu zait.

Udan sartuta gaude dagoeneko! Nik behintzat sorbaldak erreta dauzkat jadanik (nahiz eta gurean degun klima berezi honek eguzkiari tarte haundirik eskaintzen ez dion)! Primeran hasi det gainera aurtengo uda. Ekainaren amaiera aldean udalekuetara joan nintzen, eta iragan den astean itzuli naiz. Arotz-enean eman ditut 10 egun, lehen txandako begirale moduan, Etxarri-Larraunen. Primerako egunak izan dira, egia esan.

8 eta 12 urte arteko haurrekin aritu gera bertan (guztira 84 haur!), jo ta fuego. 8 begirale izan gera (zehatzago esateko, 7 begirale eta koordinatzailea), primerako ekipoa. Orio aldetik Itziar, Tolosa aldetik Beñat eta Marta, Trintxerpe aldetik Etxauri, Rakel, Aiora eta Itsaso, eta azkenik Ñoñosti aldetik ni neu. Primeran pasatu degu elkar! Egia esan oso ondo konektatu degu hasieratik, eta guztiontzat oso dibertigarria izan da elkarrekin lan egitea. Gainera oso gustora aritu naiz, denak izan baitira langile finak, nahiz eta baten bat bilera ordutan lo geratu, ejem.

Haurrekin ere oso ondo, egia esan. Despistatu-satelite moduko dezente tokatu zaizkigu, baina jakin degu hauekin ere aurrera ateratzen. 10 egunak girotzeko gai moduan Denboraren Makina hartu genuen. Hala, egun bakoitza historiako aro batean kokatu dugu: Historiaurrea, Far West-a, Erdi aroa, Aintzinako Egipto, Italiar Errenazimendua, Piraten garaia, Erromatarren aroa (nahiz eta bideratuagoa egon zen Asterix eta Obelixen komikietarantz) eta Aintzinako Grezia. Ekintza piloa egin ditugu, eta baita irteeratxo pare bat ere, Aldatz herrira, Lekunberrira eta han alboko baso batetara txabolak egiteko.

Garitak, aerobika, Coyote Dax, pabelloia, igerileku ia ezinezkoa, Walkieak, "Quiero... velero...", haur yonkiak, Alazne guri pegatuta, Anttonen tokea (eta jangelako mahai depresiboa), bixki bereizi ezinak, "Galdera bat...", Basurto, gauetako irratsaioak, zorri inbasioa, haurren ile lehorketa saioak, Angel Garro (gogoan zaitugu!), Martaren gaueko sustoa, Etxauriren ohe ondoko koadroa, bere iratzargailu letala, haurren geletako kiratsa, negartien kontsolamendua, "Paula, eseri...", Alexis astronauta, Beñaten txiribuelta hezea, Itsasoren suizidioa pabelloian bertan, "Kriston fuertia da", Etxarriko Tronkia, haserre faltsua eta ondorengo pijama festa, Lekunberriko iturri "bixitatua", entsalada omnipresentea, Zaldi Daltonikoen txabola marabillosoa, Nocilloren "opariak", Iñigoren gaixotasun bitxia, Arotz-Eneako Perlak, gaubelako Bisbalito metrosexuala, mikrofonoa, antzerki super-kurratuak, txikitutako buztinazko figurak, ping-pong eta futbolin sesioak, begirale tranposoak, azkenari prenda, Rakelen oin sakratuak, haurren duelo amaiezinak, "Ñam-ñam on egin...", "Nik daukat tik-tik-tik", Aritzen kafe paregabea, "Juver, qué zumo!", Jolas Departamenduko Makarra Batzordea eta Disidente Ekintzaileak, "Fli... fli-flai...!", Eo-eo... oe!, Etxauriren mugimendu sentsualak eta beste hainbeste momentu...

Gora Koma-andanteak!!


2007/03/31

Argazkizaletasuna

Badaramat denboralditxo bat argazkilaritzarekin afizionatuta. Oraindik ez naiz nere adiskide Ikerren obsesio mailara heldu, baino obturadoreari gustua hartuta nabil. Orain arte nere kamera digital konpaktuarekin aritu naiz (nahiz eta azken hilabete eta erdian ez dudan nere eskutan, konpontzera eraman behar izan bainuen), baino orain dela gutxi, argazkilaritza analogikora itzultzeko grina sortu zitzaidan. Honetarako egin nuen lehen gauza, nere familiaren argazkilaritza ekipo zaharrak errekisatzea izan zen. Oso produktiboa izan zen, nere osabek kriston ekipoak baitzituzten!

Hasteko, bi Nikon kamera lortu nituen: Nikon FE bat eta Nikon F2 kamera mitikoa. Bigarren hau Japoniatik ekarritakoa da 78 edo 79 inguruan, Nikon fabrika berean erositakoa. Sistema guztiz mekanikoa du, pila soilik fotometroa elikatzeko erabiltzen du. Sekulako kamera parea.
Gainera, bi reflex hauentzako objektibo bilduma polita ere lortu nuen: Nikkor 55mm F3.5 makro bat, Sigma 400mm F5.6 objektiboa, Nikkor 80-200mm F4.5 zoom bat, Nikkor 50mm F1.4 objektiboa, Nikkor 28mm F2 Gran angularra eta Makinon 2X duplikadore bat.
Guzti honetaz gain, tripode bat, Nikon Speedlight SB-10 flahsa, Minolta EF14 flasha, WOC 250-X flasha, Starblitz 3300 flasha eta honentzako koloreetako filtroak, eta disparadore bat ere bildu nituen.

Eta amaitzeko, kriston altxorra: 1950 inguruko Voigtländer Vitessa kamera alemaniar bat ere jarri zidan eskutan osaba batek. Kamera honek akordeoi erako objektiboa zuen, eta pelikula pasatzeko sistema mekanikoa zuen lehen kamera izan zen, palanka luze baten bidez eragiten zena.

Hiru kamera hauek ondo garbitu eta oraindik primeran funtzionatzen dutela frogatu ostean, argazkiak egiten hasi naiz. Denboralditxo batean argazkilaritza analogikora pasako naizela iruditzen zait...

www.flickr.com/photos/xapaburu

2007/03/20

Eskalada saioak

Azaroa aldean idatzi nuen hemen Aratz taldeko haurrekin eskalatzera joan nintzela rokodromora. Aurten kirol honetan zaletzen ari naizela ere komentatu nizuen, baina bere horretan geratu zen guztia. Gaurkoan, nere afizio berri xamar honi buruz idatziko dizuet, atzo rokodromora argazki kamerarekin joan nintzela aprobetxatuta.

Altunak eta nik 3 urte generamatzan kirola egiten hasi behar genuela esan eta esan, eta urte hauetan zehar egin dugun gauza bakarra, karrerako klasekideekin futbol partidatxo batzuk jokatzea besterik ez da izan. Eta hari kirola deitzea ere ez zait oso egokia iruditzen... Ikusgarria bazen, hori bai; 10 bat kankailu Bilboko San Inazioko futbol zelaitxo batean, zementuzkoa, baloiaren atzetik korrika ito beharrean, eta epailerik ez zegoela aprobetxatuta, joko zikinaren apologia latza eginez. Gainera, gehienok kirola aspaldian utzia genuen, eta ordu erdian denak eztulka, ito beharrean eta gorri-gorri eginda izaten ginen. Primeran pasatzen genuen, hori bai.

Beno, kontatzen ari nintzena. Aurten azkenean hasi gerala Altuna ta ni kirola era serioagoan egiten. Kurtso hasieran, klasera soilik astean behin joango ginela erabaki ondoren (hau beste momenturen batean kontatzeko erabakia da), denbora kirolean aritzeko aprobetxatzea erabaki genuen. Bera uda partean hasi zen noiz behinka rokodromora joaten, eta probatzeko esan zidan. Fletxazo hutsa, aizue! Oso polita eta dibertigarria iruditu zitzaidan eskalada, eta hasierako agujeta jasanezinak gorabehera, astean bitan joaten hasi ginen. Azterketa garaian egian esan abandonatu xamarra izan degu gaia, baino ondoren berriro hartu diogu martxa, eta gustora aritzen gera. Gainera, goizetan joateko ohitura degunez, ez da ia jenderik egoten polikiroldegian, eta lasai-lasai aritu gaitezke gure martxan. Ia beti bulderrean aritzen gera, baino noizbehinka arnesak eta sokak eskatu eta bide bertikaletan ere eskalatzen degu.

Ez dizuet esango fenomeno batzuk geranik, ez baikara, baino gero eta hobeto gabiltza, aizue. Ea arrokara joaten hasten geran baita ere, ez soilik rokodromora. A, edonor animatuz gero, badakizue, esaidazue, eta joango gara probatzera! Gomendatzen dizuet, oso ederra da!

2007/03/04

Korrika Kulturala

Atzo arratsaldean, Aratz talde guztia (edo ahal genuen guztiak behintzat) Donostiako Boulevardean elkartu ginen Korrika Kulturalean parte hartzeko. Egitarauaren arabera, Zuloaga plazan joko eta tailerran antolatu behar genituen haur eta gazteentzat. Azken orduan, hala ere, AEK-ko kideek ea Boulevardean bertan antolatu genitzakeen esan ziguten, eta gure aldetik arazorik ez. Han jarri ginen kioskoaren ondoan, koloretako parakaidas haundi batekin jolasean! Izugarri deigarria zenez, segituan gerturatu zitzaizkigun haur, gazte eta heldu piloa, eta batzuk parte hartzera animatu ziren. Txikienentzako margoketa tailer bat ere antolatu genuen, Korrikarako kartelak marraztu eta margotu zitzaten. Han ibili ginen denok lurretik arrastaka eta jolasean Boulevard erdian! Primeran pasa genuen, eta ziur nago handik pasa zen jende askori sekulako inbidia eman geniola. Gainea, bukatzeko Konstituzio enparantzan antolatuta zegoen txokolatadara joan ginen. Kriston arratsalde polita pasa genuen, hortaz. Gero eta gehiago gustatzen zait haur eta gazteekin halakoak antolatu eta kale erdian pailazoarena egiten aritzea, benetan! Gehiagotan antolatu behar ditugu halakoak!

2007/02/13

Kiotoko protokoloari eta ingurumen-arazo berriei buruzko baliabide berriak interneten eskuragarri

DBHko ikasleei zuzendutako baliabide berriak jarri ditu Naturgaiak erabilgarri bere web orrialdean, klima-aldaketa eta kutsaduraren ingurukoak.


Klima-aldaketa eta kutsadura gaur egun etengabe topatzen ditugun gaiak dira. Hala ere, jende askorentzat nahiko abstraktuak dira oraindik, edota ezezagun samarrak. Naturgaia enpresak Zientzia eta Ingurumenari buruzko materialak eta proiektuak sortu eta bideratzen ditu, informazio falta hau konpontzeko eta jendeak gero eta kezkagarriagoak diren arazoen berri eduki dezan.

Denbora da enpresa honek www.naturgaia.net helbidean baliabide ugari jarri dituela eskuragarri. Ingurumen eta zientziaren inguruko albisteak topa ditzakegu bertan, eta baita Naturgaiak martxan dituen proiektuei buruzko informazioa ere. Esate baterako, bertan duela hiru urte martxan dagoen Berde-berdea izeneko proiektua azaltzen da, DBHko ikasleei zuzendutakoa. Kutxako Gizarte Ekintzaren babespean egindako ekimen honek ingurumena ezagutaraztea, harekiko errespetua sustatzea eta gazteak haren aldekiko ekintzaile bilakatzea ditu helburu.
Honetaz gain, enpresa honek argitaratu dituen ikasleentzako koadernoak ere eskuragarri daude aipatutako web orrialdean, klima aldaketa, atmosferaren kutsadura, bioaniztasuna eta beste zenbait gairi buruzko informazioa ematen dutenak. Gai hauen inguruko animazioak ere topa daitezke bertan, osagarri moduan.

Hala ere, web orrialde honetan orain dela gutxi berrikuntza interesgarriak jarri dituzte erabilgarri. Hauek klima-aldaketaren eta ingurumen arazo berrien inguruko ezagutza sakontzeko softwareak dira, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin sortutakoak. Bereziki DBHko ikasleentzat pentsatuta dauden arren oso erabilterrazak dira, interesa duen edonork erabiltzeko modukoak. Baliabide interaktiboak dira, erabiltzailearen partehartzea bilatzen dutenak. Animazioen bidez oso era grafiko eta errazean azalpenak ematen dituzte, ondoren galdeketa eta bestelako jarduerak proposatzeko.
Aurrenekok “Kioto zertarako?” du izena, eta lurraren beroketa, negutegi-efektua eta honen eraginari buruzko azalpenak ematen ditu.
Bigarrenak “Ingurumen arazo berriak” du izena, eta oraindik oso ezagunak ez diren kutsadura motak hartzen ditu ardatz moduan, hau da, argi-kutsadura eta soinu-kutsadura.

Azkenik, Naturgaiak ingurumen hezkuntzarekin zerikusia duten beste bi baliabide berri ditu martxan, denbora laburrean aurkezteko asmoarekin. Alde batetik gure inguruko bioaniztasuna mehatxatzen duten espezie inbaditzaileen arazoa landuko dute. Bestalde, Uraren ibilbidea arroz-arro ere ikertuko dute baliabide hauek, EAE mailan.


Naturgaiaren helbidea: www.naturgaia.net

Berde-berdea proiektua: www.berde-berdea.net

2007/02/12

Berriro bueltan

Bueeeeeno... amaitu ditugu azterketak. Azken aldian hau nahiko abandonatuta izan det, barkatuko didazue. Azterketa garaia, badakizue. Baino ea orain berriro martxa pittin bat ematen diodan honi. Aurreko ostegunean amaitu nituen azterketak (egia esan eternoa egin zait azterketa garaia, ez dakit lau urteren ondoren jada oso nekatuta nagoen o zer, baino ez zen amaitzen!), ta ospatzeko Julenekin batera kometak hartu eta Jaizkibelera joan nitzen. Han aire pixkat hartu genuen, behintzat. Asteburua azterketen amaiera ospatzeko aprobetxatu det, afariren bat edo beste eginez. Eta orain, mozorroa prestatzen hasi beharko degu, aste honetan aurtengo ihauteriak izango baitira! Neri behintzat pilo bat gustatzen zait mozorrotzea, eta urtero primeran pasatzen det ihauterietan. Hori bai, onartu beharra dago Tolosa bezelakorik ez dagoela.

Ale ba, ondo pasa denok aste honetan, eta lasai, berriro hartuko diodala martxa blogari!

2007/01/11

Ttan Ttakun festa 2007



www.ttanttakun.com

Norbaitek aurtengo festako argazkiak ikusi nahi baditu, sartu hemen.

2007/01/07

Kaputt gabonak

Uff...! Gabonetako oporren amaiera heldu zaigu aurten ere. Azken urteotan, gabonetako oporrak atseden hartzeko behintzat ez ditut erabili, eta aurten berdin. Alde batetik bestera ibili naiz, geratu gabe. Aurrena, Aratz taldearekin lau egunetako irteera euki det, Orendainera. Aurten ez gera Izurtzara joan, ia ohitura genuen moduan, baino primeran pasa degu Orendainen ere, pinguino artean. Bertako etxeak ez baitu berogailurik, eta abenduko tenperatura ez da oso goxoa, normalean behintzat. Estufa elektriko pare bat eraman ditugu, ta haiekin tira aurrera. Hala ere, primeran pasa degu, ez pentsa. Pena bakarra, nere adarreko (azkarrak) haurrik ez dela etorri aurtengoan, baino intendente moduan gustora aritu naiz. Erosketak egiten, jendearen bila Alegiako estaziora jaisten, janaria prestatzen... Alferkeria haundiena besteak baino lehenago jaiki beharrak eman dit, gosaria prestatzeko, baino ez da horren traumatikoa izan ezta ere. Ezin kexatu.

Irteeratik itzuli, eta hurrengo egunean Berastegira, Urte Zahar gaua pasatzeko asmotan, azken urteotan bezela. Ez zait gehiegi gustatzen kotilloien asuntoa, ezta 31 gauean nahi ta nahiez atera beharrarena, eta azken urteotan inguruko beste batzuekin Berastegira joan naiz, rollo guzti horretaz paso egitera. Gero eta autistagoa nago, baino ez dit batere axola. Berastegin primeran pasatu det, sekulako ping-pong partidak jokatuaz, ta monopolyan orduak emanez.

Berastegitik buelta, eta segituan Larraulera joan naiz 3 egunetarako, monitore ikastaroa ematera. Han ere primeran pasa det aurtengo kurtsillista taldearekin, monitore eskolako gainerakoekin eta eraman ditugun bi intendenteekin (kriston bazkari ta afariak prestatu dizkiguzue, bikote! Milesker!). Psikologia ebolutiboa, Adarrak eta Monitorearen Soslaia gaiak eman dizkiegu kurtsillistei, gaubela ederretan hartu degu parte, jokatzen aritu gera, gitarra jotzen, irin gerraren bat ere piztu da momenturen batean (ez pikatu, Esti, mendekua guztiz bidezkoa izan zen)...

Alde batetik, azken urteotan nahiko antzerakoak izan ditut gabonak, gainetik begiratuta behintzat (Aratz - Berastegi - Monitore ikastaroa); baino bestalde, urtero desberdinak izaten dira, ta badu bere xarma. Orain bai, urteroko moduan, korrika ta presaka apunteak lortu eta ikasten hasi beharko det, azterketak gainean baititugu. Hau estresa!!